XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liburu honetan, ordea, on Joxe Mielen egitekoa ez da testu-idazketan bukatu, eta horrez gainera bere aholkua eman behar izango digu hemen deskribatzen den mito horietako bakoitza tradizioaren arabera zein tokitan kokatzen den zehazteko.

On Joxe Mielek emandako informazio xehean oinarrituz egin dugu liburuaren irudietako argazkien erreportajea.

Eginkizun hori Pello Lopezi enkargatu genion bere garaian; argazkilari gaztea da baina esperientzia profesional handikoa, euskal kulturaren inguruko guztiaren maitalea eta gure herriko bazter gehienak gutxik bezala ezagutzen dituena, baita gizakiak inoiz edo oso gutxitan zapaldutakoa ere.

Bere lanen kalitate aipagarriak ez du aparteko iruzkinik behar, ikusi egiten bait da ondoren datozen orriotan.

Dena den, esateko daukagu askotan bere ñabardura zehatzenak hartu-nahian edo toki txarrenetan sartu beharrean, oso egoera gogorretan tokatu zaiola lan egitea, gauak eta egunak pasa behar izan dituela bakar-bakarrik naturaren erdian eta, batez ere, erloju-kontrako lasterketan aritu dela lanean, oso denbora mugatua bait zeukan edizioaren egutegi geraezinaren baldintza gogorrak betetzeko.

Horrek, noski, meritu handia ematen dio bere lanari.

Beraz, kontakizunekin lotuta gertaerak kokatzen diren tokiei buruzko erreferentzia grafikoak ematea dokumentazio-iturri aberatsa izan daiteke euskal mitoak aztertzeko.

Hala ere ez da hori bide bakarra, badago beste bide gehiago ere, eta horien arteko interesik gehientxoenekoa izan daiteke, beharbada, mito horien errepresentazio eszenografikoaren inguruan eratzen dena.

Ideia horretan oinarrituta, alternatiba desberdinak begiratu eta aztertu dira baina azkenean tesi bat bakarra nagusitu.

Hau da, Grezia klasikoan ulertzen zen bezala ulertuz, mitoa hitzaren adierak berak ematen du objetibotasunaren ezintasuna, eta, beraz, esan beharko da mitoak beti ematen duela interpretazio partikularrerako bidea.

Beraz, gure liburu honetan azaltzen den mito bakoitzari buruzko sintesi grafikoa eskaintzeko orduan, tratamendu figuratiboa ematea erabaki genuen, irakurlearen sormena mugatu beharrean piztu eta zirikatu egingo lukeen bidea aukeratzea.

Proiektu honi forma emateko lana Jose Antonio Sistiagari eskatu genion, gure garaiko euskal artistarik koalifikatuenetakoa bait da bera, bide luze bezain ezaguna eginda daukana, bai bere herrian eta bai atzerrian.

Ez al da alferra Sistiaga pintore bezala aurkezten hastea? Aldiz, esan behar da desafio moduan hartu zuela enkargua, zeren, erraz asko ikus daitekeenez, artista eta pertsona bezala ez bait dago beste jarrerarik norberaren herriko arbasoengandiko siniskerak bezalako gai nagusi bati aurre egitean.

Esan beharra dago, sorketa eta materializazio-prozesuan zehar, Sistiaga ez dela ibili mito bakoitzaren errepresentazio birtuala lortzen; aldiz, gehiago saiatu dela eszenografia animiko bat diseinatzen, klima bat sortzen edo, bestela esanda, mito bakoitza sor edo gerta zitekeen egoera deskribatzen, aldi berean ahaleginduz irakurlea bera senti dadin inguru horretan murgildua.

Alde horretatik ikuspegi humanista ere bilatu nahi izan da, hau da, gureganatu eta gure garaira lekualdatu nahi izan da aspaldiko arbaso haien arima eta izana, izaera sobrenatural eta misteriotsuko prozesuek sortzen duten jarrera ikarati eta aiduriarekin.

Beraz, Sistiagaren pinturek eta Pello Lopezen argazkiek On Joxe Miel Barandiaranen testuei erantsitako balio preziatu bat osatzen dute oraingo honetan.

Hala ere, jator jokatzekotan esan beharra dago bi horien ekarpena ez dela izan liburu honetan izan dugun bakarra eta espresuki aipatu behar ditugu On Juan Lekuona, egilearekin batera itzulpen-lanetan ibili dena bi hizkuntzatan bait daude testuak idatzita; Ander Manterola, jakituriaz egindako hitzaurrearen egilea (...).